2015(e)ko irailaren 11(a), ostirala

Nire esperientzia

1.- Orainarteko nire ibilbidea eta esperientzia ikt-ekin, bai eskolan, bai nire eguneroko bizitzan.

2.- Zer dakit egiten ikt-ekin (teknologiarekin)?

3.- Nola ikusten dut nire burua irakasle naizenean ikt-ekin? Hau da, gai izango nintzateke irakasle naizenean digitalki moldatzeko?

Egia esan, inoiz ez dut izan harreman handirik teknologiarekin, ez bainaiz oso habila teknologia kontuetan, eta beraz, zerbait teknologiarik erabili gabe egiteko aukera badago askoz nahiago dut modu horretan egitea. Nire iritziz, jaio ginenetik bizi izan gara aparatu teknologikoez inguraturik, nahiz eta ez naizen oso ondo gogoratzen zein den izan nuen lehenengo tresna teknologikoa. Lehen Hezkuntzan nengoenean erositako Tamagochia da gogoratzen dudan teknologiarekin izandako lehen esperientzia. Hala ere, objetu hau ez nuen denbora askoan erabili, ez baitzitzaidan oso dibertigarria iruditzen. Oso gaztetan izan nuen beste tresna teknologiko bat Nintendo DS-a izan zen, eta egia esan urte askotan erabili nuen. Gogoratzen naiz larunbatero txikia nintzenean amonaren etxera joaten ginela lehengusu guztiok, eta zaharrenak ginen lau lehengusuek bagenuela Nintendoa. Bazkaldu ondoren larunbatero lehengusu guztiok borobil batean eseri eta elkarrekin jolasten hasten ginen. Gogoratzen dut gure gurasoek gure anai-arreba txikiagoei ere utzi behar geniela jolasten esaten zigutela, eta txandaka ibiltzen ginen. Momentu hartan ikaragarri dibertigarria iruditzen zitzaidan Nintendo-arekin jolastea, eta gainera, gogoan dut gurasoek zigorren bat jartzekotan Nintendoa kentzen zidatela. Gauza bera gertatzen zitzaidan beranduago ere, gurasoen zigor normalenak mugikorra edo telebista bezalako gailuak kentzea zelako. Egia esan, niri ez zait iruditzen hainbesteko interesa nuenik, baina haiek zigortzeko kentzen bazidaten uste baino denbora gehiago ematen nuelako haiei begira izango da.  Hala eta guztiz ere, onartu behar dut ni nire adineko gehienak baino beranduago hasi nintzela teknologien mundu honetan, ez baitzait inoiz gehiegi interesatu.

Eskolan txikiak ginenean, 6-7 urte inguru genituenerako, joaten ginen astean behin ordenagailu gelara jolas batzuetan ibiltzera. Lehen Hezkuntzako hurrengo urteetan ere jarraitu genuen astean behin edo bitan ordenagailu gelara joaten, baina, ariketak, lanak edo proiektuak egiteko erabiltzen hasi ginen, hau da, gogoratzen dut ordenagailuaren erabilera aldatu egin zela jolasa izatetik lanerako erabiltzera. Ingelesean ere egiten genituen proiektu batzuk ordenagailua erabiliz. Garai hartan erosi nuen etxeko inprimagailua, eta nahiz eta ez naizen ondo gogoratzen, imajinatzen dut ordenagailua dexente erabiliko genuela hura erosteko. Urteak aurrera joan ahala gero eta gehiago hasi ginen ordenagailua erabiltzen: lanerako, informazioa bilatzeko, hiztegi moduan... Baita aurkezpenak egiteko ere, askotan digitalki egiteko eskatzen baitziguten. Institutuan ere aurreko guztiaz gain lan asko egin dugu teknologia erabiliz, ordenagailua, nagusiki. Teknologiaren munduan ikasi dudan gehiena eskolan ikasi dut egia esan, etxean inoiz ez baitut izan nire denbora librean ordenagailua erabiltzeko joerarik, eta nire gurasoak ere ez baitira teknologiaren mundu honetan sartu oraintxearte. Orain dela urtebete inguru hasi ginen nire ahizpa eta ni aitari ordenagailua erabiltzen irakasten, eta hilabete pare bat baino ez da igaro gurasoak smartphone bat erabiltzera bultzatu genituenetik. Gauza bera gertatzen zait beste tresna teknologikoekin: ez dut ipad, ipod edo tabletik. Inoiz ez dut izan horrelako tresnak izateko interesik oraingoz ez dudalako batere beharrik ikusten, agian. Ados nago teknologia berriak erabiltzen jakiteak onura asko dituela esatean, baina, nire iritziz, askotan beharrik gabe erabiltzen ditugu. Mugikorra da gehien erabiltzen dudan tresna teknologikoa, eta hau ere, gehienetan behar ez dugunean ere gugandik gertu daukagu. Mugikorraren funtzioa eta aukerak ikaragarri aldatu dira hasierako kamerarik gabeko mugikor haiek sortu zirenetik, eta egia esan, aldaketa batzuk oso onuragarriak izan direla iruditzen zait. Beste batzuk ez hainbeste. Gaur egungo gazte gehienok (ni ere talde honen parte naiz) askoz denbora gehiago pasatzen dugu WhatsApp-eko taldeetan txorakeriak esaten, sare sozialetako berriak eta argazkiak ikusten edo Youtubeko bideoei begira. Hau al da mugikor baten benetako funtzioa? Egia da WhatsApp-ari esker doainik hitz egiteko aukera dugula, taldean hitz egitekoa, urrutiko jendearekin harremanetan oso modu errazean jartzekoa... baina gehienetan mezurik espero ez badugu ere, mugikorra alboan izaten dugu, ez dagoenean batere beharrik.

Hortaz, nire buruari buruz esan dezaket, laburbilduz, ez naizela teknologia berri hauen oso aldekoa, nahiz eta honek ez duen esan nahi kontra nagoenik. Momentu batzuetan lagungarriak izan daitezke gailu teknologikoak eta hauek ematen dizkiguten aukerak, betiere ez bagara menpekotasun egoera batera iristen (gaur egun mugikorrekin askoren egoera). Hala ere, ez dakit zergatik, ez naizelako oso habila mundu honetan, ez dudalako interesik, erabilera okerra ematen diegula askotan ikusten dudalako edo ez dudalako erabiltzeko beharrik ikusten, normalean ez dut saiakera gehiegirik egiten ikt-ak erabiltzen ikasteko. Harrigarria egiten zaidan zerbait da nire ahizpa, lau urte gazteagoa izanik, ni baino askoz ere hobeto moldatzen dela mundu digital honekin, eta ikaragarrizko erraztasuna duela gauza hauekin moldatzeko. Ez dakit adin kontua, interes kontua ala kasualitate hutsa den, baina, oso txikia zenetik berak asko erakutsi dit teknologiari dagokion guztian. Telebistak erabiltzen badakit, mugikorraren erabilera ere menperatzen dut gehienean, eta ordenagailuekin ere moldatzen naiz. Ordenagailua eskolako gaietatik kanpo erabiltzen badut serie edo programaren bat ikusteko (telebistan ikusteko aukerarik izan ez badut, normalean), albisteak ikusteko, interesatzen zaizkidan gai batzuei buruzko bideo edo blog batzuk jarraitzeko edo musika jaisteko erabiltzen dut, gehienbat. Nire iritziz gauza asko erraztu ditzake internetak, baina nire arazoa konfiantza falta dela uste dut: ez naiz fidatzen tresna batek dioenaz, beste edozeinek batere arazorik gabe egin dituela erosketak internet bidez esaten badit ere, ni ez naiz ausartzen kontu korrontea edo beste edozein datu idaztera.

Hau guztia kontuan hartuta, esan behar dut irakasle naizenean ez dudala ikusten nire burua teknologiari gaur egun ematen ari zaion bezain besteko garrantziarik ematen. Teknologiarekin moldatzen ikasi behar dela uste dut, baina poster baten bidezko edo arbelera ateraz lortzen diren balio eta gaitasun guztiak (sormena, konfiantza, eskuzko idatziak...) galdu gabe. Informazioa bilatzen, powerpoint edo ordenagailuz idatziz lanak egiten, korreoa erabiltzen eta beste gauza asko egiten jakiteak ere badu bere garrantzia, eta beraz, gauza horiek egiten moldatuko nintzateke, baina argi dut ez nagoela dena digitalizatzearen alde.





iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina