2015(e)ko abenduaren 15(a), asteartea

TALDEKO FOTOELKARRIZKETA

Saio teorikoetarako egin genuen fotoelkarrizketa indibidualaren ondoren, taldeko fotoelkarrizketa egingo dugu, komunean ditugun teknologiarik erabili gabe egiten diren eguneroko jarduerak partekatuz.

1.- LAGUNAK

Gaiari buruz hitz egiten egon ondoren ohartu gara lagun egotea denoi gustatzen zaigun zerbait dela. Orduak igarotzen ditugu astero lagunekin plan desberdinak eginez: zerbait hartuz, zinemara joanez, paseatuz, mendira joanez... Lagunartean gaudenean IKTen erabilpena asko murrizten da, konturatu ere egin gabe beste gauza batzuetan pentsatzen hasten garelako eta haiekin egotea garrantzitsuagoa iruditzen zaigulako mugikorra edo beste edozein tresnetan murgilduta egotea baino. 


2.- FAMILIA

Familia, lagunekin batera, gure bizitzetako parte oso garrantzitsu bat da, eta lagunekin gaudenean gertatzen zaigun moduan, ez dugu IKTen beharrik sentitzen beraiekin denbora pasatzen dugunean. Honen inguruan pentsatzen aritu ondoren, ohartu gara nahiz eta IKTen eragina sahiestezina izan, badaudela denok elkarturik igarotzen ditugun IKTen eraginik ez duten zenbait momentu, nagusiki, otorduak, non egunean zehar gertatutako edo egin beharreko gauzak eta kontakizunak partekatzen dizkiogun elkarri.


3.- NATURA

Naturarekin harremanetan jartzea oso aukera ona iruditzen zaigu lauroi erlaxatu eta eguneroko bizitzako arduretatik aldentzeko. Horregatik, denok saiatzen gara ahal dugunean mendi-bueltaren bat, paseoak etab. eginez, hiritik aldentzen. Natura inguruan dugunean, errutinatik ateratzen gara eta naturak ematen dizkigun usainez, soinuez eta irudiez gozatzeko aukera izaten dugu.



4.- BIDAIAK

Denok oso gustuko dugu bidaiatzea, lagunekin zein familiarekin. Oso oroitzapen onak ditugu gure bizitzan egindako bidaia desberdinetakoak, eta denok ados agertu gara, momentu horietan teknologiak ez ditugula hainbeste erabiltzen esatean. Leku berriak ezagutzean, ez dugu IKTen beharrik sentitzen, eta aurretik egondako tokiak badira ere, inguruko pertsonekin momentua bizitzean zentratzen gara.




5.- KIROLA ETA DANTZA

Lauron egunerokotasunean dauden jarduerak dira kirola eta dantza. Astean bitan edo gehiagotan praktikatzen ditugu ekintza hauek, eta gure egoera fisikoan hobekuntzak eragiteaz gain, psikologikoki ere onurak dakartza horrelako ariketaren bat egiteak. Bakarka edo taldeka egin daitekeen zerbait denez, bai zure buruarekin, bai ingurukoekin denbora IKTen beharrik izan gabe aprobetxatzeko modu oso egokia iruditzen zaigu.




6.- ANIMALIEKIKO HARREMANA

Taldeko partaide guztioi gustatzen zaizkigu animaliak, denok izan dugu edo ibili gara animalia artean, eta lagunekin gertatzen den moduan, errealitatetik haratago eramaten gaituzten momentuak igarotzen ditugu beraiekin. Momentu horietan ez dugu IKTen beharrik sentitzen, eta beraz, haiekin jolasean eta haiek zaintzen igarotzen dugun denbora hori teknologietatik at aprobetxatzen dugu.



2015(e)ko abenduaren 10(a), osteguna

Ikasgelan IKTak erabiliz praktika pedagogiko "onak" garatzeko oinarri batzuk

Egelako "Algunos principios para el desarrollo de "buenas prácticas" pedagógicas con las TIC en el aula" atala irakurri ondoren irakurritakoa azaltzeko asmoz laburpen bat egingo dut. Taldekide bakoitzak zati bat landu behar du, eta hau denez niri egokitu zaidana, gai honetaz hitz egingo dizuet mezu honetan.

Orain dela hamarkada bat IKTekin zegoen arazorik handiena eskoletan zegoen teknologia hauen urritasunarekin lotuta zegoen. Nahiz eta hau aurrera eramateko aurrekontu ekonomikoa eta hezkuntza politikak nabarmenak baina mugatuak izan, azken urteetan garapen handia eman da teknologia eskolako ohiko elementu bat bihurtzeko prozesuan (bigarren hezkuntzan batez ere), ia eskola guztiek baitituzte IKTak lantzeko gela espezifiko bat  Internet-erako sarbidea. Aldi berean, irakasleentzako formakuntza ikastaroen sorkuntzak eta hobekuntzak ere ari dira ematen. Gainera, teknologia digitalak integratzeko programa eta plan instituzionak ugari ere sortzen hasi dira. Hala ere, aurretik esan bezala, aurrerapen hau oso nabarmena izan arren, ez da Espainiako leku guztietan berdin gertatu, komunitate autonomiko bakoitzak eskeinitako aurrekontuaren eta asmo politikoen araberakoa izan baita. 

Kontuan hartu beharreko gauzarik garrantzitsuena honako hau da: IKTak erabiltzeak bakarrik ez du ziurtatzen ikasleak ikasiko duenik, hau da, ikaskuntza emateko beharrezkoa da irakasleak ariketa batzuk planteatzea, eta bertan, ikasleek IKTak erabiliz irtenbidea aurkitu beharko diete. Beraz, ez da nahikoa teknologia eskura izatea, ikaskuntza-irakaskuntza prozesu pedagogiko egokiak sortzean dago gakoa. 

70eko hamarkadaren hasieran sortu ziren lehenengo hezkuntzarekin lotutako informatika esperientzietatik gaur egunerarte, ezagutza asko lortu ditugu, askotan hutsegiteen eraginezkoak, teknologiekin loturiko ikasgelako proiektuak, ariketak edo ekintzak planifikatzeko, garatzeko eta ebaluatzeko orduan kontuan hartu beharreko printzipioak adierazi dizkigutenak. Horietako printzipio batzuk honako hauek dira:

1.- Ordenagailuak eta, orokorrean, teknologia erabiltze hutsak bakarrik ez du irakaskuntza-ikaskuntzan hobekuntzarik eragiten; izan ere, irakaslearen ikaskuntza metodoaren (ariketaren, helburuen, partaideen arteko harremanen...) araberakoa da ikaskuntza, eta hau aurrera eramateko beharko den IKTen erabileraren araberakoa.

2.- IKTak naturaltasun soziokonstruktibistaren ikaskuntza prozesuen garapen eta antolakuntzarako erabili behar dira.
                 * Konstruktibismo soziala: hezkuntzaren ikerketan hedaturik dagoen ikaskuntzaren teoria psikologikoa, Piaget, Vigotsky, Brunner eta beste askorenideiak hartzen dituena barnean. Teoria honek ikasleak ariketen eta jardueren bidez ikasi behar duela, ezagutzak aurkituz eta sortuz, egoera problematikoak konponduz eta elkarlanean arituz defendatzen du.
                * Ikaskuntza: pertsona bakoitzak, izandako esperientzien arabera, egiten duen esanahien berrezarkuntza prozesua da.
Teknologia ez da ikaskuntza prozesuen oinarria izan behar, sortu beharreko ezagutzaren eta ikasleak egin beharreko ariketaren arteko lotura egiten duen elementu bat baizik, oinarria ikaslea bera baita. Aurreko ideia guzti hauek modu nabarmenean ari dira hedatzen.

3.- Teknologia informatikoak informazio asko erabiltzeko, gordetzeko, antolatu eta banatzeko, eta berreskuratzeko erraztasun eta azkartasun handia ematen digu. Liburu eta bideoek muga asko dituzte teknologia hauen alboan: erabili ahal izateko fisikoki eskura izan behar ditugu, horietatik haratago dagoen informazioa bilatzeko beste iturri batzuk behar ditugu...
Soilik ikaslea denean sortu behar duen ezagutzari zentzua ematen diona eta arazoa konpontzeko erabakiak hartzen dituena emango da gaitasun hauen garapena. Ikaskuntza prozesu honek hezkuntza prozesuaren konpetentziak garatzera bideratuta dagoen hezkuntza antolamendu batean kokatzen gaitu ALFIN izenekoa (Alfabetización informacional), Lehen Hezkuntza eta Bigarren Hezkuntzan ezarria izan dena. 

4.- Teknologia digitalak oso iturri onak dira geografikoki urruti dauden edo topo egiterakoan arazoak dituzten pertsonen arteko komunikaziorako (bai ikasle, bai irakasleen artean); izan ere, ikasleek adimen-, jarrera- eta konpetentzia-sozial berriak garatu behar dituzte teknologia hauetan moldatzeko. IKTei esker, ikasleek leku desberdinetan dauden pertsonekin elkarlanean aritzeko aukera dute; foroen bidez, txat desberdinei esker, korreo elektronikoak erabiliz... Gainera, elkarlana eta informazio trukea errazteko web-ak eta antzekoak ere sor daitezke.

Gela batean IKTak erabiliz praktika onak egiteko gomendio batzuk hauek izango lirateke:
  • Garrantzitsuena alderdi akademikoa izan behar da beti, ez teknologikoa. Kontuan hartu beharrekoa, beraz, ikasleek zer ikasiko duten eta teknologiak zein neurritan hobetuko duen ikaskuntza prozesu da.
  • IKTak erabiltze hutsak ez du irakaskuntza-ikaskuntza prozesuan hobekuntzarik eragiten.
  • Irakaskuntza-metodoa eta planifikatutako ariketen arteko harremanak sortzen du mota bateko edo besteko ikaskuntza.
  • IKTak ikasleak teknologia erabiliz ikasteko erabili behar dira.
  • IKTak ikasgai desberdinen ikaskuntzan laguntzeko baliabide moduan edo informazioa eta teknologia digitalen erabilera jakin batzuk garatu eta barneratzeko erabili behar dira.
  • IKTak bilaketa, kontsulta edo informazioa sortzeko tresna moduan edo pertsonen arteko harreman eta komunikaziorako erabil daitezke.
  • IKTak lan indibidualetarako zein elkarlanean (baita birtualki ere) erabil daitezke.
  • IKTak erabili beharko diren jarduera, ariketa edo beste edozer planteatzen denean, honek dituen  ikasketarako helburu eta edukiak zehaztu behar dira, baita ikasleak garatu beharreko konpetentzia eta gaitasun teknologiko zein informazioa lortzekoak ere.
  • Ahal den neurrian, inprobisazioa baztertu behar da; hau da, denbora, espazioa, taldekatzeak... pentsaturik izatea komeni da.
  • Landu beharreko eduki eta helburuekin ondo erlazionaturik egon behar da teknologien erabilera.
Hau guztiaren ondoren, gela batean IKTak erabiliz praktika ona egitearen heziketa-modelo batek ezaugarri hauek izango lituzke:
  • Eskolako ikaskuntzaren helburuetako bat ikasleei jasotzen duten informazioari esanahi bat ematen eta hau birsortzen laguntzean datza, baita informazio hau modu kritiko, inteligente eta etiko batean erabiltzeko konpetentzia batzuk garatzea ere.
  • Ikasleak, liburuez gain, teknologiak eta informazio iturri berriak erabiliz informazio gehiagoren bilaketa egitera animatzen eta bultzatzen dituen ikaskuntza bat ematea.
  • Ordenagailuen bidez modu konstruktibista batean irakasteak ikasleek haien kabuz lanerako plangintzak sortu eta teknologiak erabiliz beharrezko ekintzak garatzea eragiten duten problemak sortzean datza. 
  • Gelako zein geografikoki urrun dauden ikasleen arteko elkarlanean oinarritutako ikaskuntza lortzeko teknologia erabiltzea da helburuetako bat. 
  • Irakasleak ikasleak teknologiak erabiliz egindako lana antolatu eta gainbegiratu behar du.
  • Helburu jakin batekin Interneten informazioa bilatu, aukeratu eta analizatu behar da.
  • Elementu eta iturri teknologiko desberdinen erabilpen egokia egiteko konpetentzia eta gaitasuna lortu nahi da.
  • Ikaskuntza sortzen duten jarduera desberdinak egitea: testuak idatzi, esaterako.
IKTak erabiliz egin beharreko jarduerak, duten konplexutasun intelektual eta pedagogikoaren mailaren arabera sailkatu daitezke, baita inguru presentzial batean edo inguru birtual batean ematen diren kontuan hartuta ere. Aurreko horretan oinarrituta, gelan IKTak erabiliz egiteko praktikak hiru mota desberdinetan bereizten dira:
  • Klasean egindako beste jarduera batzuk osatzeko prestatutako ariketa zehatz sinpleak.
  • Denbora gehiago, antolaketa hobea eta ikaslearengan hainbat gaitasun eta konpetentzia kognitibo piztea behar duten ariketa konplexuak.
  • Inguru birtualetan garatutako ariketak, iturri teknologiko konplexuagoen bidez komunikatzeko eta adierazteko gaitasuna behar dutenak.
Beraz, guzti honen helburu nagusia da teknologia klasean ondo integratzea, eta liburuak bezain normaltzat hartzea ordenagailuak edo beste teknologiak ikasgelan.

Hemen utziko ditut nire taldekideek laburtutako beraien zatiak:

Eba: IKT Magisteritza: IKT-EKIN EGINDAKO PRAKTIKA ONAK PRENTSA DIGITALA E...

Alba: IKT : "Buenas practicas con TIC a traves de webquest"

Aiora: IKT: Praktika Ona Dekalogoa

2015(e)ko urriaren 30(a), ostirala

SAIO TEORIKOA: ZELATATZAILEA ETA ZELATATUA

Urriaren 6an izan genuen IKTko azken saio teorikoan teknologien munduko "zelatatzaile" eta "zelatatuei" buruz hitz egin genuen. Egia esan, askotan ez gara ohartzen mundu birtual honek gure ekintzak grabaturik uzten dituela eta gure nondik norako guztiak ikertzen dabiltzala hor nonbait, baina hala da. Klasean egindako hausnarketaren eta ikusi genituen bideoak aztertu ondoren iruditzen zait dabilkiguna baino kontu gehiago izan beharko genukeela teknologiarekin harremanetan gaudenean.

Hasteko, "panoptiko" hitza aztertu genuen, jarraian Interneten dugun egoerarekin konparatzeko. Panoptikoa kartzela bat da, esfera formakoa eta erdi-erdian zutabe bat duena. Zutabe horretatik espetxe osoa zelatatzen zuten, baina presoek ez zekiten hori, ez baitzuten zutabe barruan zegoena ikusten. Hortaz, adibide hau Internetarekin alderatzen badugu, ohartuko gara gure egoera preso horien antzekoa dela; izan ere, panoptikoko preso horien uste dugun baino antz handiagoa du teknologiak erabiltzen dituen edonork, nahiz eta guk zelatatzaileak ikusterik ez izan, Interneten ematen ditugun pausu guztiak kotrolaturik baitaude.

Gaia pixka bat barneratu ondoren, klase horretako lehen bideoa ikusi genuen, Marta Peiranoren "¿Por qué me vigilan si no soy nadie?" bideoa.



Bideo honetan zein erraz zelatatzen gaituzten ikus daiteke, gu ohartu ere egin gabe, ditugun mugimendu guztien berri baitute. Gaur egun, denok dugu mugikor bat, eta gehienok Internet duena. Bideoan esaten digute hau nahikoa dela gure pribatutasuna galdu eta egiten dugun guztia jakin dezaten zelatatzaile hauek. Argi dago gure gizartea ez dagoela inguru teknologikoan bakarrik zelataturik, gure bizitzako beste mila alderdi ere kontrolatzen baitituzte (ahal duten guztia, nire ustetan), baina teknologia hartzen ari den garrantziarekin, askoz errazagoa egiten zaie gure bizitza ezagutzea.

Bideoa ikusi ondoren, taldeko ariketa bat egin genuen Interneten zelatatuak garela sentiarazten diguten aplikazioak zerrendatuz. Jarraian, denon artean eztabaidatu genuen talde txikietan komentatutakoa, eta nork eta nola zelatatzen gaituzten eta kontrol honi nola egin diezaiokegun erresistentzia aztertu genuen. Esandakoa taula honetan adieraziko dut:


NOR?
NOLA?
KONTROL HONI NOLA EGIN ERRESISTENTZIA?
Egela
Nabigazioaren kontrola
Pertsona batek besteei pasatzea informazioa, beti irekita izatea...
Gps mugikorra
Posizionamenduaren kontrola
Kendu daiteke
Google
Datu pertsonalak
Datuak asma daitezke
Banketxeak/kreditu txartela
Datuen kontrola
Ahalik eta gutxien erabili
Facebook
Datuak, noiz gauden konektatuta, azken konexioa
Argazkiak ez etiketatu, tik bikoitza eta azken konexioko ordua kendu, ahalik eta datu gutxien jarri...
Whatsapp
Konexioaren azterketa
Tik bikoitza eta ordua kendu...
Zerbitzuetako kamerak
Gure mugimenduak
...
Webcam-ak (drone)
Sartu daitezkeelako
Pegatina edo paper batez estalita
Konpainia telefonikoak
Lokalizazioak, erabilerak...
“Modo avion” jarri

Ikusi genuen bigarren bideoa "Las redes y los datos: una perspectiva crítica" izan zen.

Bideo honetan, sare sozialetan oinarrituz nagusiki, sarean ematen ditugun gure datu pertsonalei erreferentzia eginez, bi aldiz pentsatu behar dugula zerbait egin edo idatzi aurretik dio. Horretarako, hau da, sare sozialetan edozer idatzi aurretik egin beharreko hausnarketa bat proposatzen digute bideoan. Honekin batera, sare sozialetan gure pribazitatea mantentzea ezinbestekoa dela adierazten digute, gero eta sare sozial gehiagoren parte baikara eta oso modu erraza izan baitaiteke gu zelatatzeko.

Sare pribatutasunari dagokionez, nire kasuan esan behar dut dexente arduratzen nauela gai honek, eta beraz, beti ahalik eta datu gutxien ematen ditudala Interneteko edozein orrialdetan. Ez naiz Internet bidez erosketak egiten dituzten horietakoa, nire sare sozialetan izena eta jaioterriaz gain ez dut ia ezer jarrita eta egia esan ez naiz teknologiei oso loturik dagoen pertsona. Hala ere, askotan, ohartu gabe, gure informazioa ematen dugu: izaera adieraziz gustuko ditugun gauzekin, idatzi edo irakurtzen ditugun testuekin; argazkien bidez gure burua erakutsiz... askotan, konturatu ere egin gabe, uste baino askoz gehiago kontatzen diegu zelatatzaile horiei. Niri egia esan, oso gai serioa iruditzen zait aztertu dugun guzti hau, ezin baitut ulertu nork izan dezakeen nire gustuak jakitearen interesa, nire bizitza ezagutzearen jakinmina, nor naizen jakiteko behar hori. Ni eta beste milioka pertsonarena. Ezin dut ulertu, eta badaezpada, kontuz ibiltzen naizen horietakoa naiz, nahiz eta hausnarketa honen ondoren, oraindik ere gehiago. Argi dago ezin garela inguruko teknologia zelatatzaile guztietatik aldendu, baina, kontuz ibiltzea eta gure sare sozialetan edo orrialdeetan zer esan, egin eta zer ez ondo pentsatzea beharrezkoa dela uste dut.

Aldi berean, irakasleek honen aurrean egin beharko luketenaz ere hitz egin genuen. Nire ustez, dudarik gabe, klasean haurrekin landu beharreko gaia da. Haurrak teknologiaz inguraturik hazi dira, eta ezinbestekoa dela iruditzen zait dauden arriskuak azaltzea, gomendio batzuk ematea eta haien pribatutasuna mantentzearen garrantzia ulertaraztea. Horregatik, gai honetaz umeekin hitz egin behar dela uste dut.

2015(e)ko urriaren 25(a), igandea

BIG DATA: FOTO-ELKARRIZKETA

Gaur egun tenologiaz inguraturik bizi gara, teknologiari lotuta. Hala ere, mila aukera ditugu teknologiarik erabili gabe gure aurrean dugun benetako munduaz gozatzeko. Bizi izan ditudan momentu horietako batzuk erakutsiko ditut jarraian jarriko ditudan hamar argazkiekin.




Gosariak, hamaiketakoak, bazkari edo afariak, meriendak... konpainian askoz hobeak!


Donostiako ilunabarra ikusiz paseatzea, lasaitasunez, ardurarik gabe. Ez dago leku politagorik.


Lagunarteko plan ugari egin ditzakegu: mendi-bueltak, paseotxoak...


Familian, gehien maite dituzunekin disfrutatzen.


Naturaz eta animalien konpainiaz gozatzen.


Lagunekin barrez eta disfrutatuz ibiltzea, beste ezerrengatik aldatuko ez zenituzkeela jakitea da gauza politenetako bat.


Udaran, pistinan, lasaitasunez.


Festaz festa, egunez gain, gauak ere disfrutatuz!


Liburu bat, edozein momentu eta lekutan irakurri daitekeena.


Lagunekin nahiz familiarekin bidaiatzen, leku berriak ezagutzen edo gustukoak ditugunetara itzultzen.

2015(e)ko urriaren 9(a), ostirala

Lorenzoren burruntzalia


Adunako irakaslea etorri zenean, Jakintza ikastolan egon zenenan haurrekin egindako praktika bat erakutsi zigun. Oso polita iruditu zitzaidan bideo hau, bertan agertzen den metaforak oso ondo azaltzen baitu zailtasunen bat duten haurren egoera. Espero dut gustatzea.





2015(e)ko urriaren 6(a), asteartea

BIDEOAK PARTEKATU

BIDEOAK GORDE ETA PARTEKATZEKO WEB ZERBITZUAK

Taldeka egelako zerrenda batetik gauza bat aukeratzeko eskatu digute, eta gure kasuan, "Bideoak partekatu" izeneko atala aukeratu dugu. Zer da hau? Zertarako balio du? Zein praktika egin daitezke gai honekin haurrekin?

Gaiari buruzko testuan jartzen zuenez, izen hori ematen zaie bideoa sortu eta editatzeko programa batez aldez aurretik sortu, grabatu edo editatutako bideoak webgune batean gordetzea eta sarean beste pertsona batzuekin partekatzea ahalbidetzen duten lineako aplikazioei. 
Aurrekoaz gain, aplikazioa hauek kontsulta iturriak ere bihurtu dira, bertan gai desberdin askotako bideoak aurki baitaitezke. Honen bidez, aukera daukagu bideoak beste toki batean argitaratzeko, web edo blog batean, adibidez.
Aplikazio hauetko batzuek edozein gairi buruzko bideoak dituzte, luzera desberdinetakoak izan daitezkeenak; honen adibide da Youtube ezaguna, non milioka pertsonak sortu diren bideoak ikusi eta partekatu ditzaketen. Gainera, jendeak informazioa eta bere iritzia adieraz dezake bertan. Beste zerbitzu batzuk hartzaile jakin batzuentzat dira, Teachertube (hezkuntzan oinarritzen den Youtuberen zerbitzu bat) eta Totlol (haurrei bideratutako Youtuberen zerbitzu bat), esaterako. Gai jakin batzuei buruzko aplikazioak ere badaude: filmak partekatzeko (Megavideo, esate baterako), hezkuntza-bideoak partekatzeko (Sclipo, Videoeducativo.es)...

Zerbitzu horietako gehienak erabiltzeko aurrez erregistratu behar izaten da bideoak artxibatu, argitaratu eta zabaltzeko kontu bat lortzeko. Erregistratzeko, posta elektronikoko kontu bat eduki behar da. Hala ere, bideoak ikustea bakarrik bada helburua askotan ez da erregistratu beharrik izaten. Partekatutako bideoak ikusteko, bideoa argitaratu deneko web-zerbitzuan sartu, bistatu nahi den hori aukeratu eta haren gainean klik egin behar da.

Haurrekin honen inguruan egin daitekeen gauzetako bat aplikazio hauei buruzko informazio ematea da nire ustetan, zein gauza egiteko aukera dagoen, zein helbururekin eta nola aprobetxa daitezkeen aplikazio hauek ikas dezaten.
Aldi berean, aukera ona izan daiteke haurrei bideo bat grabatzeko esatea, guk nahi dugun gairen bat lantzeko, jarraian movie maker erabiliz montajea egin ondoren, Youtube edo halako leku batera igotzeko eskatzea. Bideo horri baldintza batzuk jarri diezazkiokegu: testu bat izatea bideoaren azpian informazioa jartzen den tokian, abesti bat egotea bideoaren fondoan... Gai interesgarri bat lantzeaz gain, modu honetan orokorrean egiten ez duten ariketa bat egingo lukete. Gainera, lan hau eskatu ondoren, esperientzia honi buruzko beraien iritzia nolakoa izan den galdetzea oso garrantzitsua iruditzen zait hurrengo baterako hobekuntzak egiteko.

Zer egin dezakegu eskolan horrelako tresna batekin?

Aurretik aipatutako ariketaren antzekoak egiteaz gain, ikasleen lanak konpartitzeko erabili ditzakegu Youtube bezalako plataformak. Aldi berean, informazio didaktikoa aurkitzeko iturri egokia izan daiteke, bai adituen informazioa, bai gainontzeko ikasleena. Gainera, munduan gertatzen diren gertakariak, kritikak... edozein gairi buruzko informazioa aurki dezakegu Youtube bezalako lekuetan. Gure iritziz, haurrentzat modu interesgarriago bat izan daiteke bideoen bidez ikastea, ikusiz eta entzunez beti ere entretenigarriagoa delako ikastea, bakarka irakurtzen baino.


BIDEOAK ERABILIZ EGINGO DUGUN PRAKTIKA


Bideoak erabiliz jarduera bat prestatu behar dugunez lehen hezkuntzako haurrekin egiteko modukoa, zer egin pentsatzen hasi gara. Guk ez dugu jarduera hau haurrekin egiteko aukerarik izango, baina, klasekideekin eramango dugu aurrera ariketa.
Bururatu zaigun ideia honakoa izan da: Pentsatu dugu haurrei momentu jakin batean egiten ari direna grabatzeko eskatzea. Adibidez, taldekide guztiek arratsaldeko seietan egiten ari direna minutu erdi bat baino denbora gutxiagoan grabatu eta jarduera egin behar dugun egunerako ekartzea pendrive batean. Gure helburua da, ikasleek ikustea momentu berean zer egiten ari diren bere ikaskideak, seguruenik denak gauza desberdinak egiten egongo baitira. Hemendik abiatuta, aztertu nahi dugu IKT-en erabilpena zenbatekoa den gure bizitzetan.

Ariketa honek lan eta denbora asko eskatzen duenez, pentsatu dugu bideoak guk grabatuko ditugula, eta ikaskideei eman beraiek muntaia egin eta youtubera igotzeko, hortik abiatuta, hausnarketa bat egin beharko dutelarik IKT-en erabilerari buruz. Gainera, ariketa hau egin ondoren, elkarrizketa bat ere sortu daiteke gai hauei buruz hitz eginez, eta ikasle bakoitzak bere iritzia emanez.

Zergatik da praktika ona?
Prestatu dugun ariketa praktika on bat iruditzen zaigu, izan ere, bideoak ikusten dakigun arren, bideoen edizio eta konpartitze-gaitasunak ez ditugu hain garatuta. Hori dela eta, praktika honen bitartez gure ikaskideek Youtube erabiltzean normalean erabiltzen ez dituzten beste zerbitzu batzuk ezagutzeko aukera izango dute. Gainera, bakarka lan egiteaz gain, praktika honen bidez, taldearen adostasuna eta elkarrekin lan egiten ikasi dezakete.







2015(e)ko urriaren 3(a), larunbata

ADUNAKO HITZALDIKO KONTZEPTU MAPA




ADUNAKO HITZALDIA


Aste honetan, iralaren 29an, Iñaki Pagola lehen hezkuntzako irakaslea etorri zaigu hitzaldi bat ematera, Adunako eskolako ingeleseko irakaslea dena eta bertako IKT-ko arduraduna. Donostiako Antiguo auzoko Jakintza ikastolan ere aritu zela lanean esan zigun, eta Adunako eskolako nondik norakoak kontatu zizkigun. Kontatu zigun eskola publikoetan egin duela beti lan, eta orain Adunan, 400 pertsonako herrian, eskola txiki batean dela irakasle. Eskola horan guztira 68 ikasle baino ez daude, eta esan zigun L.H.4, L.H.5 eta L.H.6.mailako ikasleak elkarrekin zeudela gela bat osatuz, baita L.H.2 eta L.H.3.mai.ako ikasleak ere beste gela bat osatzen. Amara Berrin bezala, beraiek ez dute testu-libururik erabiltzen ikasteko; proiektuka egiten dute lan.
Eskola hau digitalizazio mailari dagokionez maila aurreratuan dagoela esan zigun, hau da, altuenean. Eskolan dohainik diren aplikazioak erabiltzen saiatzen direla kontatu zigun Iñakik, GoogleApps-ak, esaterako, asko erabiltzen omen dituzte. Blogak ere badituzte, eta bertan, egiten dituzten lanak publikatzen dituzte. Iñakik esan zigun lanak askotan ordenagailuz egiteko eskatzen dietela ikasleei, eta zuzendu ere ordenagailuz egiten direla.
Posta elektronikoak beraiek kudeatzen dituzte eskolatik, hau da, beraiek erabakitzen dute zer jarri eta zer ez blogetan. Irakasleek "Koaderno digitala" izeneko atal bat dute, non egiten dutena idazten duten, lantzen ari direna, hutsegiteak, jarduerak, bilerak... Gainera, astero ebaluazio jarraitua egiten dute, hau da, astero ikasgai bakoitzeko irakasleak haur bakoitzari buruzko zerbait idazten du, normalean gauza positiboak idazten saiatzen direlarik. Honez gain, irakasleek CalendarioApps ere erabiltzen dute, egutegi modura, eta edonork ikus dezake, denek idazten dituzte gauzak bertan, denek jakiteko aukera izan dezaten bileraren bat edo ez-ohiko zerbait (norbaitek egun batean ezin badu eskolara joan...) sortzen bada. Bileretako informazioa idazteaz ere pertsona bakarra arduratzen da, eta gero denen eskura jartzen du ordenagailu bidez.
Symbaloo izeneko sistemaz ere hitz egin zigun Iñakik eta bere ikasleek ezagutzen dutela esan zigun, guk normalean erabiltzen ditugun lekuak agertzen diren toki bat dela esanez.
Iñakiren esanetan, proiektuka lan egiteak askatasuna ematen die  haurrei eta asko ikasteko aukera, bideo eta lan asko egiten dituztela bere ikasgaian (ingelesean), adibidez, ikusteko aukera izan baitugu.
Hitzaldiarekin amaitzeko, galdera batzuk egin dizkiogu eta azaldu digu ikasle hauek ez dutela inoiz proiektu berdinik egiten, proiektuak aldatzen joaten direla, eta beraz, nahiz eta hiru mailetako ikasleak izan gela berean, ez dituztela proiektuak errepikatzen gela berean.
Proiektuka ikastea oso aukera ona izan daiteke, ikasiz ondo pasatzen dutelako edukiei eta teknologiei buruz asko ikasten duten bitartean. Gainera, metodologia honekin ikasi beharreko gauzak egunerokotasunean dauden egoerekin lotzen dituzte, buruz teoria ikastea baztertuz.

AMARA BERRIKO IKT-EN HITZALDIKO KONTZEPTU MAPA


AMARA BERRI-IKT HITZALDIA



Aurreko astean, irailaren 22an, Amara Berriko sistema nolakoa den ezagutzeko aukera izan genuen. Batez ere, IKT-ekin duten jarreraren berri izan genuen, bertatik hitzaldi bat ematera etorri zitzaigun IKT-en arduraduna den Amandoren eskutik. 

Hasteko, Amara Berri eskolan orokorrean nola egiten den lan azaldu zigun. Bertan, lana txokoen bidez egiten dute, eta zikloka banatuta daude, nahastuta; hau da, 5-7 urteko haurrak (L.H.1 eta L.H2-koak) elkarrekin, 8-10 urteko haurrek (L.H.3 eta L.H.4-koak) beste talde bat osatzen dute, eta 10-12 urteko haurrek (L.H.5 eta L.H.6.mailetako haurrak) ere batera egiten dute lan. Beraien sistemaren beste ezaugarri garrantzitsu bat da ez dutela libururik, hau da, bakoitzak ez duela bere liburua eta ez dutela hortik ikasten, beste eskola askotan egiten den bezala. Lanen oinarria liburutegian eta Internet-en dago. Hala ere, beraien liburutegiak ez du guk gure buruan imajinatzen dugun liburuz betetako aparteko gela batekin, eskolako pasilloak baitira beraien liburutegiak. Amandok esan zigun, egiten zituzten lan guztiek "zertarako" bat zutela, hau da, helburu zehatz bat; esaterako, hitzaldi, koreografia edo antzerki bat egiten badute haurrek beraiek nahi duten gaiaz, landu ondoren, hitzaldi edo antzezlan hauek grabatuz, editatuz eta Internetera igoz beraiek egindako lana ikusteko aukera dute.

Jarraian, aurreko guztiaz gain, Amara Berrin teknologia nola erabiltzen zuten azaltzen hasi zen. Bertan, "Hedabideak" izeneko txoko edo tarte bat dago bere baitan telebista, prentsa, web orria (txikiweb) eta irratia hartzen dituena. Hedabide hauen helburua eskolan egiten zituzten lanei zentzua ematea zela esan zigun Amandok, irteera bat ematea, eta aldi berean, IKT-en munduan sakontzea. Lanen bat egiten dutenean, ikasleek nahi duten hedabidean erakutsi dezakete. 

Hedabide hauetan ikasle guztiek hartzen dute parte eta eskola osorako zerbitzu bat dira. Gainera, gurasoek ere haurren lana ikusteko aukera oso ona dira. Egunero irekita daude, eta gela berean daude kokatuta hedabide guztiak: telebista bere platoarekin, irratia, ordenagailuak txikiweb-a aurrera eramateko, edizio lanak egiteko (grabatzen den guzia editatzen baita) eta prentsa prestatzeko. 

Antolaketari dagokionez, bikoteka eta zikloka egiten dute lan hedabideetan haurrek. Normalean, bigarren zikloko ikasleak irratian aritzen dira, eta hirugarren ziklokoak prentsan, telebistan edo web-ean. Hedabideetara joateko ordutegiak oso bereziak dira. Haurrak lehen egunean ikasi egiten du aurreko egunean bertan egon den ikasleari esker (honek aurreko egunean ikasi duelako zer egin eta nola) eta bigarren egunean beste pertsona bati erakusten dio. Beraz, lana bi egunetan jarraian txoko berean egiten dute, txandaka, kate bat bezala. Hortaz, ikasgela guztietan bi haur gutxiago daude beti, egunero, klase bakoitzetik bi haur joaten direlako hedabieetara. 

Ikasleak bi hilabetean behin joaten dira hedabideetara, hau da, kurtsoan zehar 6 aldiz, aldi bakoitzean 2 egunetan, eta beraz, 12 egunetan egoten dira bertan. 

Ondoren, hedabideak osatzen dituzten zati guztiak banaka erakutsi eta azaldu zizkigun Amandok:

- Egunkaria: Egunero ateratzen da, eta egunero irakurtzen dute fotokopiatuta, nahiz eta bakoitzak bertan lan egiten duen egunean koloretan fotokopia dezakeen. Bertako kazetariak 3.zikloko lau ikasle izaten dira. Egunkariak hainbat zati ditu: azala, inkesta, elkarrizketa, eguraldia (2.zikloko haurrek ikertzen dute eguraldia eta irratian eta egunkariak kontatzen dute), kontu kontari (1.ziklokoen atala), gu ere idazle (2.ziklokoen atala), lumaren kilima (3.zikloko atala), sahaski nahaski eta denborapasak.
Oso garrantzitsua irudi zitzaidan zerbait izan zen orri guztietan agertzen direla egileen izenak eta argakazkiak.
- Irratia: Auzoan emititzen da (FM 107,2) eta web-ean ere entzun daiteke. Teknikariak 2.zikloko bi ikasle izan ohi dira (bat 3.mailakoa eta bestea 4.mailakoa). Web-ean irratiko lanak idatzirik agertzen dira, egileen argazkiarekin eta egindako lanarekin.
- Telebista: gela guztietan ikus daiteke, baita web-ean ere. Kameralariak 3. eta 4.zikloko ikasleak izaten dira. Grabatu eta editatu egiten da telebistakoa web-ean jarri aurretik. Bertan, eguneroko albistegia dago eta irakasle baten laguntzaz egiten da batzuetan. Bertako gaiak desberdinak izan daitezke: jertseren bat galdu dela, berriak, asteburuko partiduen emaitzak... Programak  eta ekintza bereziak (dantzak, antzerkiak, errezetak, esperimentuak...) ere egiten dituzte telebistan. Telebista oso aukera ona da hizkuntzak modu naturalean lantzeko, eta gainera, dena beraiek egiten dutenez, asko ikasten dute IKT-en munduaz.
- Txikiweb: amaraberri.org da beraien weba, ikasleen weba. Bertako webmasterrak 3.mailako bi ikasle izaten dira. Ikasleek lanen bat egiten dutenean eta webean agertzen denean, fitxa bat ematen zaie ikasle hauei gurasoek egindako lana ikusteko aukera izan dezaten. Bertako gaiak desberdinak izan daitezke: ongietorria eta webmasterren aurkezpena, artisten galeria (plastika gelako lanak), argazki bilduma, telebista (bertan egindako lanak) eta irratia (irratian egindako lanak).

Metodo honen bidez gauza ikaragarri lantzen dituzte, ia ohartu ere egin gabe, nire ustetan, eta beraz, onuragarria iruditzen zait sistema hau.

2015(e)ko irailaren 29(a), asteartea

"Web 2.0 en escena"

Mezu honetan "Web 2.0"-aren azalpen bat egingo dut, egelako dokumentu batean agertzen den informaziotik abiatuz.

1.- SARRERA
Web 1.0tik Web 2.0ra erabiltzaileen arteko komunikazioa asko hobetu da, eta gainera, aukera ematen dio erabiltzaileari gauzak egiteko, ez modu kolaboratibo batean bakarrik, gauzak sortzeko aukera ematen dio erabiltzaileari. Algi berean, Google eta "La enciclopedia británica" konparatzen ditu: hasieran, Web 1.0arekin erabiltzaileek produktuak erosten zituzten, eta urteekin, produktu hori zerbitzu bihurtzen joan da. Kasu honetan, "La enciklopedia británica" produktuaren adibidea izango litzateke eta google zerbitzuaren adibidea. Beraz, Web 2.0aren helburua zerbitzuak eskaintzea da. 
Software librea zer den ere azaltzen du. Sotware librea ez da ordaintzen eta edozeinek modifikatu dezake, legalki. Adib.: Android sistema. Beste softwarean, berriz, askoz zailagoa da barrura iristea, eta iristekotan, ilegalki izaten da, esaterako Apple sistemaren kasuan.

2.- WEB 2.0AREN EZAUGARRIAK
- Ez da unidirekzionala, beraz, kolaborazioan lan egiteko aukera ematen digu.
- Erabiltzailea da protagonista.
- Zerbitzuak eskeintzen ditu (produktuak beharrean).

3.- WEB 2.0AREN EZAUGARRI GEHIAGO
- RSS zerbitzuak aukera ematen digu informazioa errazago bilatzeko, gure ordez bilatzen baitu.
- Sortzaile bihurtzen gara, edukiak edo komentarioak sortzeko aukera baitugu.
- Modu kontzientean (Adib.: sare sozialak, bertako partehartzeak), ez hain kontzienteki (Adib.: inkesta bati erantzunez) edo inkontzienteki (Adib.: Webgune batean sartzean eman dezakegun onura: edukien ordena baldintzatzea, adib.) aritu gaitezke.

4.- WEB 2.0AREN FUNTZIONAMENDUA
"SLATES" da Web 2.0aren hitz klabea. Hitz hau osatzen duten letretatik abiatuz, hainbat hitz klabe atera daitezke:
- Bilaketak egiteko aukera ematen digu.
- Loturak egin daitezke nahi ditugun guneetara.
- Autoria: guk sortzen dugulako toki hori,  gu gara arduradunak.
- Estekak: enlaces: hitz klabeak informazioa antolatzeko eta bilaketa errazteko.
Etiketak.
- Luzapenak: informazioarekin sortzen diren datuak, interesgarriak izan daitezkeen datuak (adib.: jarraitzaileen lista).
- Alertak: abisuak, norbaitek zerbait egitean gure webgunera iristen zaigun abisua.

5.- WEB 3.0?
Gaur egungo arazo nagusia bilaketak egitean TESTUINGURUA ez dela kontuan hartzen da, zehaztasun falta dagoela.
Web 3.0ari "La Web semántica" ere deitzen diote, esanahiarekin lotzen duelako bilaketa.
Web 3.0aren adibide bat Google Plus izan daiteke. 
Beraz, bilaketak askoz ere efektiboagoak izatea du helburu, informazioa bilatzeko erraztasunak eskeiniz.

2015(e)ko irailaren 22(a), asteartea

"La web 2.0 en escena"- 6.puntua

Egelan dagoen "La web 2.0 en escena" testu honen azterketa egiteko helburuz, 6 zatitan banatu dugu irakurri beharrekoa, eta talde bakoitzak tokatutako zatia irakurri behar izan du. Nik seigarren zatia irakurri dut. Bertan kritika egiten zaio aurretik esandakoari, esanez web 2.0-k ez duela Internet-eko bertsio berri bat aurkezten, web 1.0-n asmatuta zeuden gauza batzuk hobetu besterik ez dituela egiten. Gainera, ordenagailuetan oinarritutako ikaskuntza kolaboratzailean egindako azterketa ez da berria. Aurrekoaz gain, kritika komunenak proiektu honen izenarekin erlazionaturik daude, esanahi gabea dela diotelako. Beste askok web honi egin dioten kritika gero eta gehiago direla "2.0" diren enpresak izan da, eta ez dela argi geratzen jarraitzen duten eredua. Kritika nagusiena alderdi sozialean ematen dela dio testuak. Testuan agertzen den beste kritika bat web-ean idazten den informazio guztiak antzeko garrantzia izateak egitura honi balioa gutxitzen diola da; izan ere, edozein informazio jarrita ere gainontzekoaren garrantzia bera izateak eragiten du gaiarekin loturik ez dauden ideiak, nahiz loturik daudenak, modu berean agertzea, balio berarekin, beraz, edozeinek idatzi dezake bertan. Aurreko ideia hau wikipediarekin lotzen du. Nahiz eta aspektu positibo asko ikusi web 2.0-ri, bertan dagoen askatasunaz gain, zailtasun batzuk ere agertzen dira, eta hauek gainditzeko irakasle "on"-en beharra dagoela diote, irakasle alfabetizatuena, gai honetan ondo moldatzen direnena. Testuaren idazleak defendatzen du helburua ez dela mentalitate zaharra berritzea, mentalitate berri bat sortzea baizik, irakaslearen rol berri bat lortzeko helburuarekin. Beraz, irakasleek prozesu hau bideratu behar dute jakintza, ekintza eta ikaskuntza modelo berriak ezagutuz, landuz eta praktikan jarriz. Gainera, Web 2.0 "Bigarren burbuja" kontsideratzen dute batzuek, esanez Web 2.0 orain moda baten moduan eramaten dela aurrera, zertarako erabili behar dugun eta gure helburuak kontuan hartu beharrean. 

Zer da konpetentzia digitala? Zer da konpetente izatea?

Zer da konpetentzia digitala? Zein elementuz osaturik dago? Zer da konpetente izatea?

1.- Informazioa bilatzen jakiteko habilidadeak garatzea.
2.- Informazio hortatik ezagutza bat sortzea, zerbait berria.
3.- Hizkuntza desberdinetan eta teknologia erabiliz espresatzea.
4.- Aparatu teknologiko hauen erabilpen etiko bat egitea.

1.- Ikasleek beraien ekintzetatik abiatuz ikasi behar dute.
2.- Desarrollar una metodologia de constructivista del conocimiento.
3.- Talde lana.

Nire iritziz, konpetente izatea zerbait egiteko gai izatea da, zerbait egiten moldatzea. Aldi berean, konpetente izateko beharrezkoa iruditzen zait gaiari buruzko interesa erakustea, eta gehiago jakiteko gogoa izatea.

Konpetentzia digitalari buruzko bideo hau interesgarria iruditu zait, oso ondo azaltzen baitu, nire ustetan, konpetentzia digitalari buruzko informazioa. Bertan dio eskolak gure bizitza osoan ikasteko gai izateko moduan hezi behar gaituela. Bere hitzetan konpetentzia digitalak hainbat zati ditu:
- Konpetentzia informazionala: informazioa lantzeko gaitasun eta ezagutza multzoa, informazio berria sortu eta hedatzeko.
- Informatika edo gailu hauen erabilpenerako erramintak.
- Alfabetizazio multipleak: textu idatziaz gain, mundu "audiovisual" bat ere badugu teknologien mundu honetan.
- Konpetentzia kognitibo generikoa: informazio gehiago dugu, baina, aprobetxatzen al dugu?
- Herritartasun digitala: errealitatea eta mundu birtuala nahasten diren mundu batean bizitzeko prestakuntza.

Gainera, digitalki konpetente izatea ez dago ordenagailuen erabilpenarekin bakarrik lotuta, gailu teknologiko guztiekin baizik.



Nire burua konpetente ikusten ahal dut?

Nire kasuan, hainbeste urtetan metodologia honekin lanean aritu ondoren, badut informazioa bilatzen jakiteko gaitasuna, neurri batean. Izan ere, moldatzen naiz internet bidez zerbait bilatu behar edo nahi dudanean. Hala ere, zerbait berria egiteko beharra dudanean teknologia erabiliz, askotan norbaiti laguntza eskatzen edo nazkatuta bukatzen dut, asko kostatzen zaidalako moldatzea. Hala ere, azkenean lortzen dut zerbait egiten ikastean gauza gehiago egiten ikastea, hau da, nahiz eta hasieran teknologiarekin lotutako gauza berriren bat egitean agobiatu ez naizelako ondo moldatzen, behin oinarrizko gauzak ikasten ditudanean kuxkuxeatzen eta gehiago ikasten jarraitzen dut. Gainera, ez dut arazorik ingelesez agertzen den informazioa ulertzeko, agertzen den informazio gehiena nahiko sinplea delako. Egia esan, aparatu teknologiko hauen erabilpen etiko bat egiten dudala uste dut, hasteko, ez ditudalako asko erabiltzen, eta gainera, erabiltzen ditudanean modu egoki batean erabiltzen ditudala uste dudalako. Erabilpen txarra kontsidera daitekeen zerbait izan daiteke mugikorra gehiegi erabiltzen dudala; izan ere, beti ondoan izan behar dut, oso maiz begiratzen dut badudan mezu edo berririk, nahiz eta jende asko dagoen ni baino engantxatuago. Beraz, orokorrean, nahiz eta jende gehiena ni baino askoz hobeto moldatzen den tresna teknologikoekin, konpetentea naizela uste dut, eta pixkanaka teknologiaren mundu honek gora egingo duela imajinatzen dudanez, gero eta ezagutza gehiago izango ditudala uste dut. 


2015(e)ko irailaren 17(a), osteguna

Nire esperientzia IKT-ekin-bideoa


Aurreko mezuan adierazitakoa azaltzen duen bideo txiki bat da hau. Bertan, IKT-ekiko dudan iritzia azaltzen dut nire esperientzian oinarriturik. Alde txar dexente ikusten dizkiot teknologiari, baina baita alde onak ere erabilpen egokiarekin aritzen bagara. Gure esku dago zein modutan erabili IKT-ak! Espero dut bideoa gustatzea.



2015(e)ko irailaren 11(a), ostirala

Nire esperientzia

1.- Orainarteko nire ibilbidea eta esperientzia ikt-ekin, bai eskolan, bai nire eguneroko bizitzan.

2.- Zer dakit egiten ikt-ekin (teknologiarekin)?

3.- Nola ikusten dut nire burua irakasle naizenean ikt-ekin? Hau da, gai izango nintzateke irakasle naizenean digitalki moldatzeko?

Egia esan, inoiz ez dut izan harreman handirik teknologiarekin, ez bainaiz oso habila teknologia kontuetan, eta beraz, zerbait teknologiarik erabili gabe egiteko aukera badago askoz nahiago dut modu horretan egitea. Nire iritziz, jaio ginenetik bizi izan gara aparatu teknologikoez inguraturik, nahiz eta ez naizen oso ondo gogoratzen zein den izan nuen lehenengo tresna teknologikoa. Lehen Hezkuntzan nengoenean erositako Tamagochia da gogoratzen dudan teknologiarekin izandako lehen esperientzia. Hala ere, objetu hau ez nuen denbora askoan erabili, ez baitzitzaidan oso dibertigarria iruditzen. Oso gaztetan izan nuen beste tresna teknologiko bat Nintendo DS-a izan zen, eta egia esan urte askotan erabili nuen. Gogoratzen naiz larunbatero txikia nintzenean amonaren etxera joaten ginela lehengusu guztiok, eta zaharrenak ginen lau lehengusuek bagenuela Nintendoa. Bazkaldu ondoren larunbatero lehengusu guztiok borobil batean eseri eta elkarrekin jolasten hasten ginen. Gogoratzen dut gure gurasoek gure anai-arreba txikiagoei ere utzi behar geniela jolasten esaten zigutela, eta txandaka ibiltzen ginen. Momentu hartan ikaragarri dibertigarria iruditzen zitzaidan Nintendo-arekin jolastea, eta gainera, gogoan dut gurasoek zigorren bat jartzekotan Nintendoa kentzen zidatela. Gauza bera gertatzen zitzaidan beranduago ere, gurasoen zigor normalenak mugikorra edo telebista bezalako gailuak kentzea zelako. Egia esan, niri ez zait iruditzen hainbesteko interesa nuenik, baina haiek zigortzeko kentzen bazidaten uste baino denbora gehiago ematen nuelako haiei begira izango da.  Hala eta guztiz ere, onartu behar dut ni nire adineko gehienak baino beranduago hasi nintzela teknologien mundu honetan, ez baitzait inoiz gehiegi interesatu.

Eskolan txikiak ginenean, 6-7 urte inguru genituenerako, joaten ginen astean behin ordenagailu gelara jolas batzuetan ibiltzera. Lehen Hezkuntzako hurrengo urteetan ere jarraitu genuen astean behin edo bitan ordenagailu gelara joaten, baina, ariketak, lanak edo proiektuak egiteko erabiltzen hasi ginen, hau da, gogoratzen dut ordenagailuaren erabilera aldatu egin zela jolasa izatetik lanerako erabiltzera. Ingelesean ere egiten genituen proiektu batzuk ordenagailua erabiliz. Garai hartan erosi nuen etxeko inprimagailua, eta nahiz eta ez naizen ondo gogoratzen, imajinatzen dut ordenagailua dexente erabiliko genuela hura erosteko. Urteak aurrera joan ahala gero eta gehiago hasi ginen ordenagailua erabiltzen: lanerako, informazioa bilatzeko, hiztegi moduan... Baita aurkezpenak egiteko ere, askotan digitalki egiteko eskatzen baitziguten. Institutuan ere aurreko guztiaz gain lan asko egin dugu teknologia erabiliz, ordenagailua, nagusiki. Teknologiaren munduan ikasi dudan gehiena eskolan ikasi dut egia esan, etxean inoiz ez baitut izan nire denbora librean ordenagailua erabiltzeko joerarik, eta nire gurasoak ere ez baitira teknologiaren mundu honetan sartu oraintxearte. Orain dela urtebete inguru hasi ginen nire ahizpa eta ni aitari ordenagailua erabiltzen irakasten, eta hilabete pare bat baino ez da igaro gurasoak smartphone bat erabiltzera bultzatu genituenetik. Gauza bera gertatzen zait beste tresna teknologikoekin: ez dut ipad, ipod edo tabletik. Inoiz ez dut izan horrelako tresnak izateko interesik oraingoz ez dudalako batere beharrik ikusten, agian. Ados nago teknologia berriak erabiltzen jakiteak onura asko dituela esatean, baina, nire iritziz, askotan beharrik gabe erabiltzen ditugu. Mugikorra da gehien erabiltzen dudan tresna teknologikoa, eta hau ere, gehienetan behar ez dugunean ere gugandik gertu daukagu. Mugikorraren funtzioa eta aukerak ikaragarri aldatu dira hasierako kamerarik gabeko mugikor haiek sortu zirenetik, eta egia esan, aldaketa batzuk oso onuragarriak izan direla iruditzen zait. Beste batzuk ez hainbeste. Gaur egungo gazte gehienok (ni ere talde honen parte naiz) askoz denbora gehiago pasatzen dugu WhatsApp-eko taldeetan txorakeriak esaten, sare sozialetako berriak eta argazkiak ikusten edo Youtubeko bideoei begira. Hau al da mugikor baten benetako funtzioa? Egia da WhatsApp-ari esker doainik hitz egiteko aukera dugula, taldean hitz egitekoa, urrutiko jendearekin harremanetan oso modu errazean jartzekoa... baina gehienetan mezurik espero ez badugu ere, mugikorra alboan izaten dugu, ez dagoenean batere beharrik.

Hortaz, nire buruari buruz esan dezaket, laburbilduz, ez naizela teknologia berri hauen oso aldekoa, nahiz eta honek ez duen esan nahi kontra nagoenik. Momentu batzuetan lagungarriak izan daitezke gailu teknologikoak eta hauek ematen dizkiguten aukerak, betiere ez bagara menpekotasun egoera batera iristen (gaur egun mugikorrekin askoren egoera). Hala ere, ez dakit zergatik, ez naizelako oso habila mundu honetan, ez dudalako interesik, erabilera okerra ematen diegula askotan ikusten dudalako edo ez dudalako erabiltzeko beharrik ikusten, normalean ez dut saiakera gehiegirik egiten ikt-ak erabiltzen ikasteko. Harrigarria egiten zaidan zerbait da nire ahizpa, lau urte gazteagoa izanik, ni baino askoz ere hobeto moldatzen dela mundu digital honekin, eta ikaragarrizko erraztasuna duela gauza hauekin moldatzeko. Ez dakit adin kontua, interes kontua ala kasualitate hutsa den, baina, oso txikia zenetik berak asko erakutsi dit teknologiari dagokion guztian. Telebistak erabiltzen badakit, mugikorraren erabilera ere menperatzen dut gehienean, eta ordenagailuekin ere moldatzen naiz. Ordenagailua eskolako gaietatik kanpo erabiltzen badut serie edo programaren bat ikusteko (telebistan ikusteko aukerarik izan ez badut, normalean), albisteak ikusteko, interesatzen zaizkidan gai batzuei buruzko bideo edo blog batzuk jarraitzeko edo musika jaisteko erabiltzen dut, gehienbat. Nire iritziz gauza asko erraztu ditzake internetak, baina nire arazoa konfiantza falta dela uste dut: ez naiz fidatzen tresna batek dioenaz, beste edozeinek batere arazorik gabe egin dituela erosketak internet bidez esaten badit ere, ni ez naiz ausartzen kontu korrontea edo beste edozein datu idaztera.

Hau guztia kontuan hartuta, esan behar dut irakasle naizenean ez dudala ikusten nire burua teknologiari gaur egun ematen ari zaion bezain besteko garrantziarik ematen. Teknologiarekin moldatzen ikasi behar dela uste dut, baina poster baten bidezko edo arbelera ateraz lortzen diren balio eta gaitasun guztiak (sormena, konfiantza, eskuzko idatziak...) galdu gabe. Informazioa bilatzen, powerpoint edo ordenagailuz idatziz lanak egiten, korreoa erabiltzen eta beste gauza asko egiten jakiteak ere badu bere garrantzia, eta beraz, gauza horiek egiten moldatuko nintzateke, baina argi dut ez nagoela dena digitalizatzearen alde.